Lauroba

Lurrikara

Lurrikara
betile batekin hasten da.
Hitz bat aski, eteteko soka.
Harrokeria, izua eta lotsa,
ezin jakin
noiz bihurtzen den “da” “zen” ;
noiz hasten ote garen
elkarri akatsak zenbatzen,
kontable zikinak lez... 
Gogoratu
dena ahaztea orain,
mapak erre, 
ez galdetu noiz den orain.
Salbuespena
izan nahi nuke zuretzat,
atarian
laga ditzagun aiztoak.
Entzuten den dardar bat, 
ikusten den oihu bat,
usaintzen den irri bat.
Zu salbuespena zara
(Lurrikara badator!) 
Salbu egon gabe ere...
(...salbatzen nauzuna!)
Ni naiz arriskua, ez zu:
Richter eskalan ezagun.
Ez, botoi hori ez da:
beste bat beherago eta 
birrinduko nauzu.
Ilunak berdindu nau
(Gauak gauari dei!)
Dena ahazteko gai
(Gauak gauari dei!)
Zuk, nola daramazu?
Maite: ni ahaztea ez ahaztu...  
Ez ahaztu...
Ez ahaztu.... 

Iglu bat basamortuan (Elkar, 2012)

Begietan liztorrak

Mozkor hartu dut trena,
leihotik at
dena da zinema: 
pinuen abaila,
traveling-ak zugana narama, 
etxera noiz
helduko zain.

Mozkor hartu dut trena,
kristalaz bestalde zahartuta oso
ikusi dut
nire isla, zure esperantza. 
Nor arraio naiz?
Nor arraio naiz?

Ba al da inor
genetikak
emandakoarekin
konformatu
denik sekula?
 
Lo, nago lo, zutik lo,
koldar eta alfer. 
Han, neuri so
liztor ernea.

Begietan liztorrak...

Nau liztorrak ziztatu
fluorren argitan. 
Bai, hura bai,
ni esnatzeko gai...

Lo, nintzen lo, zutik lo, 
aldiri ilunetan;
blai, gauez blai,
pozoiaren zain.

Zu ziztatzen zaituenean
adi lekuei, lekuei.
Garunean sortuko
zaizkizun lakuei,
lakuei.

Heldu dit, ez naiz heldu
-etxera ez;
beste norabait bai...-. 
Bukatu da filma
rebisoreak ez nau ikusi:
billeterik
ez neraman. 

Orain ni naiz liztorra...
Begietan liztorrak...

Iglu bat basamortuan (Elkar, 2012)