Ezkontza baterako kantuak

20 de Noviembre 2010

Tesi baterako eman lezake ezkontzetan jartzen den musikak. Otorduaren osteko festako kantuez ari naiz, jakina, nahiz eta zeremoniaren baitako Ave Mariek eta bertso sortek ere soka luzea ekarriko luketen. Deigarria da, esate baterako, Galizian galizieraz zein kantu gutxi jartzen dituzten, bai eta, oro har, belaunaldikide bat Madrilen ezkontzen delarik, movida ospetsutik haiek salbatu dituzten kantuen zerrenda gurea baino askoz luzeagoa dela ikustea ere: Leño eta Mamá bezalako taldeak nekez jarriko genituzke gurean (Los Inhumanos, Hombres G eta Alaska geure subkontziente emotibo-ganberroan ongi finkatuta egon arren). Demagun hiru ezkontzatan izan naizela oso denbora gutxian, eta hirutik hirutan entzun dudala kantu bat, berdin Galizian zein Donostian (Shakira eta Michael Jackson aurrikusgarriak aparte utzita). Zein ote? Harrigarri samarra izan arren, Sarri sarri da kantu hori. Euskal Herrian izan naizen ezkontzetan, bestalde, euskarazko bakanez aparte, gaztelaniaz abestutakoak adina izan dira ingelesezko kantuak ia beti –frantsesez abestutakorik apenas; eta  katalanez bakar bat: Manelen Al mar! itsaskorra–. Hemendik kanpo aldiz, gaztelaniazko kantuak jaun eta jabe; urri eta bakan mundu anglosaxoniarrekoak. Bitxia:  nire musika mundu sinbolikoan zaila egiten zait ezkontza bat The Clashen Should I Stay or Should I Go edota The Policen Roxanne entzun gabe irudikatzea.

Ezkontzatan ere amaitu da, ordea, DJa nagusi zen garaia. Spotify bezalako programei esker, abestiak konpartitu eta nork bere etxetik aldez aurretik osatzen du orain zerrenda. Nick Hornbyren High Fidelity nobela zoragarriarekin gogoratu naiz, berriro ere: nola gozatzen zuten disko-saltzaileek zerrendak osatzen. Hala ibili gara lagunok azken aldian. Bata bestearen atzetik erantsi ditugu kantuak geure nerabezaro urruna karbono-14 bidez –orduan oraindik hura zen fidagarriena– salatzen duten bakarlari, talde eta kantuak hautatuz. Bon Jovi (Runaway), The Cure (Friday, I´m in Love), REM (Losing My Religion), Duncan Dhu (Cien gaviotas), Itoiz (Hegal egiten), Los Ronaldos (Adiós papá), Hertzainak (Eh Txo!), Def Con Dos (La culpa de todo la tiene Yoko Ono), Delirium Tremens (Ikusi), Barricada (Animal caliente)… Gauza guztietan bezala, hemen ere neurrian dago koska: umoreak izan behar du bere lekua (Tapia eta Leturia Band errege horretan: Gipuzkoarrok, Errosariyo santuba! eta Galdurikan nago bezalako kantuek ez dute preziorik) nola izan behar duten beren lekua geure baitan gordetzen dugun azken txingar kontestatario-internazionalistaren oroigarri diren kantuek ere: Lehenbiziko bala, Guantanamera, Adelita... Ezin ahantzi, gainera, dantzagarritasun aereo samar bateko kantariak (Madonna, Cher, EBTG), une reggae-skatalitikoak (Bob Marley, Specials) edota gorputza astintzeko moduko katarsi gogorragoak (Prodigy, Todos Tus Muertos –Trece–), garen baino zaharrago egiten gaituztenak (Chavela Vargas, The Smiths), eta garen baino gazteago egiten gaituztenak (Rihanna, Kerobia). Gero, jakina, ezkontza batean gustura jarriko genituzkeen, baina testuinguru horretan politikoki politak ez diren kantuen zerrenda genuke: Vulpes taldearen Me gusta ser una zorra edo eta Etta Jamesen Stop the Wedding, kasu.

Musikaren ebokazio ahalmenaz aspaldi jabetuta egon arren, nire zerrenda egiten dudalarik, durduzatu egiten naute oraindik kantu bakoitzaren haritik trumilka etortzen zaizkidan oroitzapenek. Kantuei tiraka datoz garai bateko adiskideen etxeak eta garai hartan negurako aterpe genituen taberna desagertu edo antzaldatuen izenak, laztanak, begiradak, igurtziak eta frustrazioak. Berriki hotel bilakatu duten zine aretoan Chuck Berryren musika berpiztu zuen Pulp fiction filma ikusi nuen eguna. Tino Casal burezur itxurako eraztunekin eta alkandora parpailadunarekin Eloise oihukatzen telebistan lehen aldiz ikusi nuenekoa. Parafünkekin hasi ohi genituen urtezahar jaiak. Ruper Ordorikaren kantuekin egindako karaoke txit pribatu Youtubeaurreko arokoak. Platero y Tú El roce de tu cuerpo abesten –eta gu ere bai, eztarria lehertu beharrean, ondoan genuen neskari esaten ausartzen ez ginenak aretoan oihukatzen, patuaren oihartzun gutiziatsuren batek hitz haiek maitearen belarrietara eramango zituen itxaropen antzuarekin–.  Aspaldiko maitaleen gutun sortak irakurtzea baino eraginkorragoa da melodia eta hitzen konbinazioak duen ahalmena. Horrek berritu besterik ez dit egiten musikariei diedan inbidia mugagabe eta baldintzagabea.

Salda badago bezalako kantu baten ondoan, ezer gutxi lezake Prousten madalena idorrak.

Territorios gehigarrian