Kristalezko hiria

Egileak: David Mazucchelli eta Paul Karasik, Paul Austerren izen bereko eleberria komikira egokituz.
Editorea: Txalaparta
Urtea: 2006
ISBN: 978-84-8136-470-3
Orrialdeak: 152

Ziutatearen izpiritua ezin hobeto jasotzen du Kristalezko hiriak. Izan ere, hiri handiak, topikoki leporatzen zaion inpertsonaltasun hotzaz bestaldera, asko du enpatia-pizletik. Voyeurismorako egokiera bezala ematen digu pertsekutatuak izatekoa, inurri izatekoa bezala inurri saldotik ihes egitekoa. Egunean zehar gurutzatzen ditugun milaka ezezagun horietako batek harekiko atxikimendu boteretsu bat sentiaraz diezaguke tupustean, inolako arrazoi objektiborik gabe, itxuraz. Asteak pasa ditzakegu inorekin hitzik egin gabe, egia. Aldiz, gutxien espero dugunean iritsiko da unea edonorekin hizketan hasi eta gure bizitza (bihotza, gibela edo beste edozein errai) haren esku utziko duguna. Deskonpentsazio horretan datza hiriaren indarra. Deskonpentsazio horiek dira bere erregaia. Ziutatea amour fou gauzatu gabeen eszenatokia da. Gauzatu gabeak, harik eta bat gauzatzen den arte. Eta gauzatzen denean, zer? Arriskua eta aukera, sigi-saga etengabean. Eta gu, Quinn bezala, orekaren bila, desorekatu baten pausoei jarraiki, pauso desorekatuekin. Gure kaligrafia propioaren bila, baina inoren idazkerak hipnotizatuak izateko arriskupean.

Austerrek hiria kristalezkoa dela gaztigatzen digun arren, kristalezkoago baita oinezkoa: hauskorragoak gara gu.

Irakurri hitzaurrea osorik


kristalezko_hiria.png