Aurreskuaren ertzak

04 de Agosto 2012

Asier Zabaleta dantzariak opari ederra egin zigun joan den uztailaren 7an Donostiako Pasealeku Berrian zebiltzan ibiltari despistatu zein aldez aurretik jakinaren gainean geunden ikusleoi. Joan zaretenei, adio pieza labur eta hunkigarria estreinatu zuen, bakar-bakarrik, egurrezko bost aulki tolesgarri eta kolore ezberdinetako bost jaka beste atrezzorik gabe, Jorge Oteizaren eskulturaren altzoan.Lekuaren beraren xarma ikusita, harrigarria begitandu zitzaigun Urgull mendiak duen itsasora begirako magal hori, eszenatoki natural paregabea, antzeko ikuskizunetarako gehiago ez erabiltzea. Espero  izatekoa da Donostia 2016ren aitzakian halakoak ugaritzea, nahiz eta emanaldi hau Zabaletaren Ertza konpainiak bere kabuz eta iniziatiba propioz, laguntzarik gabe garatu duen: eraikinetan dirua gastatzeko garaia amaitu den honetan, dauzkagun txokoak artez hornitzeak behar luke datozen urteotarako lehentasun. Zabaletarena bezalako formatu sailkagaitzak bultzatzea, alegia, iraupenaren aldetik laburra izaki, ez baita bere horretan eta pieza aske bezala antzokietan besterik gabe aise eskain daitekeen zerbait. Zortzietan hastekoa zen emanaldia galdu nahi ez eta, galerna harrotu zuen lehentxeago; haizeak ere koreografian bere harea aleatxoa ipini eta behin baino gehiagotan bota zituen hankaz gora aulkiak, dantzaria ezarritako gidoitik ateratzera behartuz. Ezustean, haizearen sabotaia, dantzaren bidez omendu nahi ziren haiek behar bezala omentzeko zailtasunaren metafora bihurtu zen. Xabier Leteren hitzak etorri zitzaizkidan akordura: “beren aukeren jabe eraikiz, ta erortzean berriro jaikiz”.

Izan ere, aurresku tradizionaletik abiatuta eta Iñar Sastreren piano solo pieza lagun, Asier Zabaletak erreberentzia moduan dantzatzen den agurraren berrinterpretazio garaikidea egin du, Euskal Herriak azken 40 urteetan bizi izan duen gatazkaren ondoren bizitza galdu duten pertsona guztien samina gogoan.  Sentimendu asko eragin eta leiho asko zabaldu zizkigun minutu gutxitan: tarteka bere gorputza igurtzita dantzariak erruaren lika gainetik kendu nahi zuela zirudien, pisu astun batek traba egin eta aurrera egitea eragozten zion beste batzuetan. Lurrean eserita aurreskuaren adabaki bat dantzatzen saiatu zenekoa izan zen unerik indartsuenetako bat: elbarriaren dantzatu nahia eta ezina, ezinduaren kemena, herrenaren duintasuna. Horren ostean, itomenaren adierazpena: lepoa besoekin inguratu eta lurpetik burua atera nahi duenaren keinu torturatua, asfixiaren mugan dagoen aurpegia, odolez gorritua, kongestioa gainditu, zulotik atera eta burua altxatu beharra. Erditze bat ere izan zitekeen, nondik begiratzen den. Dantzaren lehen “mugimenduaren” amaiera aereoagoa da: jaka huts baten eta jauzi egiten duen dantzariaren bularraldearen arteko talka sentituan –emanaldiaren promoziorako egunkariek argitaratu zuten argazki ikusgarrian agertzen den berbera– borroka eta berradiskidetzea, joan zirenekiko begiramena eta haien berragerpen fantasmala iradokitzen dira, hildakoen eta bizidunen arteko besarkadaren ifrentzu moduko batean. 

Asier Zabaletaren lana ezagutzen dutenak jakinaren gainean daude dantzaren ertzak jorratu eta antzerkiarekiko bere hurbiltasunaz, eta Joan zaretenei, adio honen bigarren partean ere izan genuen kezka honen isla. Bost gonbidatu ikusezin ekarri zituen oholtza biluzira: bost mamu, norbere aulkian. Aurrez esan bezala, aulki bakoitzaren bizkarrean kolore ezberdinetako jaka bana jarri zuen zintzilik, eta Oteizaren eskulturari kontra egiten zion iparraizearen indarrak itsasontzien mastetan lotutako oihalen tar-tar hotsa aterarazi zien jaka hauei, hutsunea azpimarratu eta konbokatutako hildakoen presentzia moduko bat iradokiz, ustekabean.

Txalogarria eta ausarta da Joan zaretenei, adio. Txalogarria, min intimo batetik abiatu eta hura modu eskuzabalean eskaintzen digulako dantzariak. Eta ausarta, tradizioa berrikusi eta koska bat estutzen duelako, tentuz eta zentzuz, formatu eta iraupen estandarizatu baten etekinari uko eginez. Euskal Herriko hamaika herri eta txokotan egiteko moduko pieza ondu du Zabaletak, dantzak zertarako balio duen galdetzen duen edonori erantzuteko moduko lana. Lekuak eta garaiak purifikatu eta zauriak eta saminak leuntzeko modukoa. Paradoxikoki, biharamunean Brasilera abiatzekoa zen dantzaria Joan zaretenei, adio obra besapean hartuta. Euskal Herrian baino lan gehiago egiten du hemendik kanpo, nonbait.

Garaia da zenbait gauza aldatzen hasteko. Garai azalei adio esateko. Edukiontziez ahaztu eta mamia eta artea kale gorrian txertatzeko sasoia da.

          Harkaitz Cano (2012-07-08)