Gidoilarien gurua

19 de Junio 2010

Duela zenbait aste, gidoilarien gurua, Robert McKee izan genuen Bilbon bisitan. Jakinmina handi samarra zen profesioko jendearen artean, baina ezin esan erabat ase gintuenik. Robert McKeek zortzi orduz hitz egin zuen Bilboko EITBren egoitzan, berrehuna euro ordaindu genuen berrehun inuxenteren aurrean: telebistaren etorkizuna ardatz izatea espero zen, baina McKeek –amerikar petoa dela argitu beharrik ba al dago?– bere liburuaren bariazioak (gazteleraz El guión; biblia laranja hori) besterik ez zituen ekarri. Puntuala eta jenio bizikoa izatearen ospea zuen, eta horretan ez zuen hutsik egin, esku-programa haizagailu gisa astintzen zuen entzule bat lotsarazi baitzuen, besteak beste, gurua distraitzen zuen aitzakian. Eskenaratzeaz ikasi genuen zerbait, zierto: taburete bat eta bulegoko larruzko aulki erosoa txandakatu zituen oinez ibiltzeaz nekatu zenean, late-showetako katilua eskuan beti, aldiro-aldiro kafez, urez edo bestelako isurkinez beteta. Amerikar petoa dela erakusteaz gain, McKeek bere autoestimu handiaren neurria ere agerian utzi zuen: bere txisteek barrerik eragiten ez zutenean, aldibereko itzultzaileari egozten zion errua. Lehen lezioa, horra: norbere burua maitatu beharra dago. Segidan,  amateur baten eta profesional baten arteko ezberdintasunaren bere definizioa: “lehena maitemindu egiten da idazten duen guztiaz, bigarrenak badaki idazten duenaren %90a zaborra dela”.

  Tartean joan ziren ideia interesgarriak ere. Azpimarratzeko modukoa, adibidez, telesail amerikarren abangoardiaren frankizia bihurtu den HBO kateak istorioak erosteko darabilen irizpidea: ideia ilunak preziatzen dituzte gehien.  Horrela, ohikoa omen da HBOk telesail egitasmoak errefusatzea ez direlako aski ilunak (not dark enough!). “HBO kate anti-familiarra da”. Deigarria, geure inguruan kontrakoa gertatzen baita: “familia guztiarentzako” produktuak bilatzen dira itsu-itsuan, nahiz eta zenbait sinetsita gauden halakorik ez dela. Hori da, beharbada, telesail hauek literariotik dutena: iluntasunean aztarrika aritzeko afana.

  Zinema frantsesari dion ezinikusia adinakoa da McKeek gidoilariengan duen fedea: AEBetan gidoilariaren erregetza ailegatua dela errepikatu zuen behin eta berriz, filmak idazten dituena azken produktuaren jaun eta jabe dela, berea dela zuzendariak kontratatu eta kaleratzeko eskubidea (hire & fire)… Lekutan dago hemen gidoigilearen estatusa. McKeek bereak bota zituen, baina horrelakoetan sarri gertatu ohi denez, bertoko errealitatearen ezagutza ezak haren pedagogiaren eraginkortasuna gutxitu zuen. Gauza ezinezkoak eskatzen hasita, esate baterako, faltan bota genuen Robert McKeek Goenkaleko atal bat ez ikusi izana bere hitzaldiaren aurretik, zertan eta non ari zen ohartu eta bere burua hobeki kokatzeko geure testuinguru xokantean.

 Telesail ilun hauek tabuak apurtzeko garaian (homosexualitatea, praktika sexual orotarikoak, haurren kontrako tratu txarrak…) izan duten garrantzia berebizikoa azpimarratu zuen: komunikabideak gai hauetaz gehiago arduratu eta gizartearen ikuspegia aldarazi badute, fikzioan islaturik ikusi dituztelako izan ei da, hein handi batean. Telesail hauek antzerkia, nobela eta are zinearen ondoan duten abantaila nagusia haien iraupen luzea dela (laurogei, ehun ordu) aldarrikatu zuen McKeek, bai eta Tony Soprano pertsonaia Hamlet baino askoz ere konplexuagoa dela defendatu ere: lau dimentsioko pertsonaia omen Hamlet, hamabi ertz baino gehiagokoa Tony Soprano. “Askoz ere kontu konplexuagoak konta baditzaket telesail batean, zergatik zinema egiten tematu?” Telesailen urrezko aroaren aportaziorik nagusiena errealitate anitzak, konplexuak eta aldiberekoak islatzea izan da: ez soilik aluzinazioak, ametsak eta errealitatea nahastea, baizik eta etorkizun ziurrekoak eta balizko etorkizunekoak izan daitezkeen flash forwardak (ikuslearen jakinmina piztu eta areagotzen duten zirrikituak), denak aldi berean ematea. Ikuslea fidagaitzagoa da orain eta prest dago istorio oso konplexuak bereganatzeko. Legeak aldatu dira: garai batean flash backa behialako gertaera bat adierazteko erabiltzen bazen, egun posible da flash back horrek iraganera jo arren, gertatu ez zen zerbait kontatzea. McKeek, bestalde,

Lost telesailaren amaieraren harira, zalantzan jarri zuen telesail hauek amaiera ezustekoa edo kontundentea izan behar dutenik: hainbeste atalen buruan, hain ongi ezagutzen ditu ikusleak protagonistak, azken orduko ezustekoa sartzea iruzurra bailitzateke. Telesail hauek, McKeeren aburuz, ez dira amaitzen, ahitu egiten dira. Ez dago climaxik Los Sopranoren amaieran, ezin zuelako climaxik egon: climax horrek esan nahiko luke zerbait berria adierazi diogula ikusentzuleari, eta hainbeste atalen ondoren, hori ez ei da posible. Gasolinarik gabe geratzea bera, apurka-apurka itzaltzea, hori ere amaiera ederra da. Telesailen arrakastaren giltza, parte handi batean,  antropologikoa da: beste inork erakutsi ez digun giro, garai eta mundu bat erakusten asmatzean datza (ogibide bat, geografia bat). Gustukoen artean, En terapia, Daños y perjuicios eta Ley y orden aipatu zituen, besteak beste.

  Nobelak egoitzeari dagokionez, bere ohiko tonu kategorikoan, Kazuo Ishiguroren Lo que queda del día eleberriaren egokitzapena aipatzen du beti McKeek: jatorri indiarreko Ruth Prawer Jhabvala idazlea arduratu zen gidoiaz. Jhabvalarena oso kasu bitxia da, bere ingelesezko obrari esker ezaguna egin bazen ere, ingelesa bere hirugarren hizkuntza baita.

  Hitzaldiaren amaiera aldera, bere sustrai irlandarren berri eman zuen McKeek, bai eta beren askatasunaren alde borrokatzen duten herriak maite zituela esan ere. Bere azken aldarrikapen hori flash forward edo flash back bat izan ote zen, horixe argitzen ez nuke jakingo.